XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iristean, ate denak zarata batean jo eta etxeko denak esnatu zituen.

Morroiek asaldaturik ireki zioten atea eta bera lagunaren gelara joan zen zuzen.

Laguna, esku batetan ezpata, bestean urrez beteriko poltsa, zain zedukan.

Etorri berriari honela mintzatu zitzaion: - Adiskidea, ez haiz hi gauez hola eta hola korrika dabilena, ez alajainkoa!.

- Gurera horrela hatorrenean, baduk nahiezkoren bat.

- Jokoan dirua galdu al duk? Otok, horra ene poltsa.

- Nirea, hirea bait duk.

- Baldin sesio edo borrokaren batetan nahastu bahaiz, ordea, eta laguntza bila bahator, hona hemen ene ezpata.

- Badakik hire aldeko nagoela beti.

Baina etorri berriak ondotik: - Eskertzen dizkiat hire eskaintzak, baina ez nauk asmo horietan etorri, ez horixe.

- Lasai asko lo nengoela, ametsetan, triste ikusi haut, goibel eta urduri; larrialdiak menderatzen hinduela iruditu zaidak, eta nire beharretan aurkitzen hintzela.

- Amets gaizto honek nahastu egin nau zeharo eta hara zergatik etorria naizen eta etxea aidean jarri.

- Ez bait nekien egiz ongi aurkitzen hintzenentz eta neuk egiaztatu nahi izan diat, badaezpada ere.

Horixe bait da zin-zinezko adiskidetasuna: adiskidearen kezkak, larriak, beldurrak... somatu, bilatu, konponbidean jar ahal izateko, eta ez deiaren edo beharraren zain egon.